Ilustratzaileen OINARRIAK

1.- LEHIAKETA

Album lehiaketa bi ataletan dago banatuta. Lehendabizi narrazio onena aukeratzeko lehiaketa egingo da, eta ondoren, aukeratutako narrazio hori ilustratzeko proposamenik onena aukeratuko da. Honako oinarriak arautzen dute ilustrazio lehiaketa.

2.- LEHIATZAILEAK

Lehiaketa honetan 18 urtetik gorako edozeinek hartu dezake parte.

Ilustratzaileak irabazi eta hurrengo lau edizioetan ezingo dira berriz aurkeztu.

3.- ILUSTRATU BEHARREKOAK

Ilustratu beharko den narrazio-testua lehiaketaren helbide honetan https://www.facebook.com/peru.abarka.33 egongo da eskuragarri euskaraz jatorrizko bertsioan, eta behin-behineko gaztelaniazko itzulpenean.

Narrazio horretan oinarrituta, honako hauek aurkeztu beharko dira:

1.- Ilustrazio bikoitza (DIN A-3 tamainakoa, liburuaren 2 orrialderi dagokiona) guztiz amaituta eta koloretan.

2.-Beste ilustrazio oso bat, DIN A-4 tamainakoa eta liburuaren orrialde oso bati dagokiona, guztiz amaituta eta koloretan.

3.- Portadaren zirriborroa.

4.– Story board proposamenaren zirriborroa: gutxienez 4 ilustrazio izan behar ditu.

5.- Aurkeztuko den proposamenean kontuan izan beharko da guztizko orrialde kopurua: gutxienez 40 orrialde eta hortik gorakoak 4ren anizkoitzak edo multiploak (44, 48…).

4.- LANAK NOLA AURKEZTU

Edozein teknika erabili ahal izango da.

Lanak bakarrik formatu digitalean (jpg) aurkeztu beharko dira, 72 pixel inguruko erresoluzioan. Ez da originalik onartuko.

Kopia bakarra aurkeztuko da gutun-azal itxi batean. Gutun-azal horretan eta euskarrian ez da egilearen izena ipiniko, baizik titulu edo ikurritza. Gutun-azalaren barruan, titulu edo ikurritz berbera duen beste gutun-azal bat sartuko da. Bigarren gutun-azal horren barruan egilearen datuak adieraziko dira: izen- deiturak, telefono-zenbakia, helbide elektronikoa, jaiotza-data eta helbide osoa. NAren fotokopia bat ere sartu beharko da.

Lehiatzaileek gehienez ere bina lan aurkeztu ditzakete.

Aurkeztutako lanak ez dira bueltatuko eta suntsitu egingo dira.

5.- NON ETA NOIZ AURKEZTU

Lanak Markina-Xemeingo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu daitezke, bai eta postaz (CORREOS) bidali ere honako helbide honetara:

Markina-Xemeingo Udala
“Peru Abarka Album Lehiaketa 2024” Goiko Portala 3
48270 Markina-Xemein. Bizkaia

 Lanak aurkezteko epea zabalik egongo da 2024ko apirilaren 23tik ekainaren 21era arte.

6.- LANA BURUTZEA

Irabazleak ilustrazio-lana aurkeztutako proposamenei jarraituta amaitu beharko du. Behin betiko lana irailaren 1a baino lehen aurkeztu beharko du Udalean.

7.- LANAREN JABETZA

Udalak bere egingo du sarituaren lanaren jabetza 1. ediziorako, eta argitaletxeari emango dio.

Ondorengo ediziorik balego, argitaletxeak egilearekin hitzartu beharko ditu argitalpen horretarako zehaztapenak.

8.- SARIA

Irabazle bakarra egongo da eta 2.000 € jasoko ditu. Horrez gain, lana album formatuan argitaratuko da.

Ordainketa argitaletxean lan osoa aurkeztu ondoren egingo da.

9.- EPAIMAHAIA

Lehiaketari buruzko erabakia eta epaimahaikideen epaitza irabazleari zuzenean emango zaio jakitera. Gainerako parte hartzaileei eta komunikabideei ere jakinaraziko zaie.

10.- BESTE ARAU BATZUK

Lehiaketa honetan parte hartzeak berez dakar oinarri-arau guztiok onartzea. Antolatzaileek, lehiaketaren onerako egoki iritziz gero, behar beste aldaketa egin dezakete arauotan. Halaber, zaindu egingo dituzte aurkezten diren lanak, baina ez dute horien erantzukizunik edukiko.

Aurkeztu diren lanen laginak ikusgai jarriko dira albumaren aurkezpen egunean.

Lanek maila nahikoa ez dutela erabakitzen bada, saririk ez ematea erabaki liteke.

Markina-Xemeingo udalak lan irabazlearen ilustrazioren bat hautatu dezake publizitate edo promoziorako: orri-markatzaileak, flyerak…

Hemen ilustratu behar den testua: Murmur
Oinarriak: Ilustratzaileen oinarriak 2024

Utzi iruzkina