Idazleen Oinarriak

Peru Abarka Album lehiaketa 2024
Idazleen oinarriak

1.- LEHIAKETA
Album lehiaketa bi ataletan dago banatuta. Lehendabizi, narrazio onena aukeratzeko lehiaketa, egingo da; eta, ondoren, aukeratutako narrazio hori ilustratzeko proposamenik onena aukeratuko da. Honako oinarri hauek arautzen dute narrazio lehiaketa:

2.- LEHIATZAILEAK
Lehiaketa honetan 18 urtetik gorako edozeinek hartu dezake parte.

Idazleak irabazi eta hurrengo lau edizioetan ezingo dira berriz aurkeztu.

3.- KATEGORIA, IPUINEN GAIA, HIZKUNTZA, GENEROA ETA LUZERA
Kategoria bakarra izango da: helduentzako literatura.

Ipuinak euskara batuan aurkeztuko dira.

Gaia librea izango da, eta ipuinak originalak, argitaratu gabeak eta beste inongo lehiaketan saritu gabeak izango dira. Azken hori ziurtatzeko egileak zinpeko adierazpena egingo du, baldin eta haren lana lehiaketa honetan saritua bada.

Prosaz zein bertsoz idatzia.

Narrazioek gehienez 15.000 karaktere izango dute; eta, gutxienez, 11.000 (espazioak barne).

4.- LANAK NOLA AURKEZTU
Lanak honako formatu honetan aurkeztuko dira: DIN A-4 tamainako orrietan, ordenagailuz eta alde bakarretik idatzita, lerrotik lerrora 1,5 tartea utziko da eta Times New Roman izeneko letra mota erabiliko da, 12 puntukoa. Orriak zenbatu egingo dira, eta orrialde guztietan adieraziko da lanaren izenburua.

Kopia bakarra aurkeztuko da gutun-azal itxi batean. Gutun-azal horretan ez da egilearen izena ipiniko, baizik titulu edo ikurritz bat. Titulu edo ikurritz berbera idatziko da lanaren orri guztien buruan. Gutun-azalaren barruan, titulu edo ikurritz berbera duen beste gutun-azal bat sartuko da. Bigarren gutun-azal horren barruan adieraziko dira egilearen datuak: izen-deiturak, telefono zenbakia, helbide elektronikoa, jaiotze-data eta helbide osoa. NAren fotokopia bat ere sartu beharko da.

Lehiatzaileek gehienez ere bina lan aurkeztu ditzakete.

Aurkeztutako lanak ez dira bueltatuko, eta suntsitu egingo dira.

5.- NON ETA NOIZ AURKEZTU
Lanak Markina-Xemeingo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu daitezke, bai eta postaz (Correos) bidali ere honako helbide honetara:

Markina-Xemeingo Udala
“Peru Abarka Album Lehiaketa 2024”
Goiko Portala 3
48270 Markina-Xemein. Bizkaia

Lanak aurkezteko epea zabalik egongo da 2023ko abenduaren 6tik 2024ko martxoaren 8ra. 

6.- LANEN JABETZA
Udalak bere egingo du sarituaren lanaren jabetza 1. ediziorako, eta argitaletxeari emango dio.

Ondorengo ediziorik balego, argitaletxeak egilearekin hitzartu beharko ditu zehaztapenak.

Narrazio irabazlea aukeratu ondoren, ilustrazio-lehiaketa jarriko da martxan.

Testu irabazlea gaztelaniara itzuliko da. Behin-behineko itzulpen hori ez da argitaragarria izango, funtzio bakarra lehiaketan parte hartuko duten ilustratzaile ez euskaldunentzat lagungarria izatea baita.

Itzultzaileak irabazleari kontsultaren bat egiten baldin badio, idazleak erantzuteko betebeharra izango du.

Narrazio irabazlea, eta horren behin-behineko itzulpena, eskuragarri izango dira lehiaketaren helbide hauetan:

https://peruabarka.wordpress.com
https://www.facebook.com/peru.abarka.33

7.- SARIA
Irabazle bakarra egongo da eta 2.000 € jasoko ditu. Horrez gain, lana album formatuan argitaratuko da.

8.- EPAIMAHAIA
Lehiaketari buruzko erabakia eta epaimahaikideen epaitza irabazleari zuzenean emango zaio jakitera.

Irabazleak ezingo du epai horren berri eman, sare sozial eta abarretan, antolatzaileek jakitera eman arte.

Gainerako parte hartzaileei eta komunikabideei ere jakinaraziko zaie.

9.- BESTE ARAU BATZUK
Lehiaketa honetan parte hartzeak berez dakar oinarri-arau guztiok onartzea. Antolatzaileek, lehiaketaren onerako egoki iritziz gero, behar beste aldaketa egin dezakete arauotan. Halaber, zaindu egingo dituzte aurkezten diren lanak, baina ez dute horien erantzukizunik edukiko.

Lanek maila nahikoa ez dutela erabakitzen bada, saririk ez ematea erabaki liteke.

Hemen oinarrien PDF-a: Idazleen oinarriak 2024