Idazleen Oinarriak

1.- LEHIAKETA
Album lehiaketa bi ataletan dago banatuta. Lehendabizi, narrazio onena aukeratzeko lehiaketa, egingo da; eta, ondoren, aukeratutako narrazio hori ilustratzeko proposamenik onena aukeratuko da. Honako oinarri hauek arautzen dute narrazio lehiaketa.

2.- LEHIATZAILEAK
Lehiaketa honetan 18 urtetik gorako edozeinek har dezake parte.

3.- KATEGORIA, IPUINEN GAIA, HIZKUNTZA, GENEROA ETA LUZERA Kategoria bakarra izango da: helduentzako literatura.

Ipuinak euskara batuan aurkeztuko dira.

Gaia librea izango da, eta ipuinak originalak, argitaratu gabeak eta beste inongo lehiaketan saritu gabeak izango dira. Azken hori ziurtatzeko egileak zinpeko adierazpena egingo du, baldin eta haren lana lehiaketa honetan saritua bada.

Prosaz zein bertsoz idatzia.

Narrazioek gehienez 12.000 karaktere izango dute; eta, gutxienez, 9.000 (espazioak barne).

4.- LANAK NOLA AURKEZTU
Lanak honako formatu honetan aurkeztuko dira: DIN-A4 tamainako orrietan, ordenagailuz eta alde bakarretik idatzita, lerrotik lerrora 1,5 aldea utziko da eta Times New Roman izeneko letra mota erabiliko da, 12 puntukoa. Orriak zenbatu egingo dira, eta orrialde guztietan adieraziko da lanaren izenburua.

Kopia bakarra aurkeztuko da gutun-azal itxi batean. Gutun-azal horretan ez da egilearen izena ipiniko, baizik titulu edo ikurritz bat. Titulu edo ikurritz berbera idatziko da lanaren orri guztien buruan. Gutun-azalaren barruan, titulu edo ikurritz berbera duen beste gutun-azal bat sartuko da. Bigarren gutun-azal horren barruan adieraziko dira egilearen datuak: izen-deiturak, telefono zenbakia, jaiotze-data eta helbide osoa. NAren fotokopia bat ere sartu beharko da.

Lehiatzaileek gehienez ere bina lan aurkez ditzakete.

Epaimahaiak ebazpena emandakoan, lehiatzaileek hilabeteko epea izango dute aurkeztutako lanak berreskuratzeko. Irabazle ez diren lanen jabetza egileena da. 

5.- NON ETA NOIZ AURKEZTU
Lanak Markina-Xemeingo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkez daitezke, bai eta postaz bidali ere honako helbide honetara:

Markina-Xemeingo Udala
“Peru Abarka Album Lehiaketa 2017”
Goiko Portala 3
48270 Markina-Xemein. Bizkaia

Lanak aurkezteko epea zabalik egongo da 2016ko abenduaren 3tik 2017ko otsailaren 3ra arte.

6.- LANEN JABETZA
Udalak bere egingo du sarituaren lanaren jabetza 1. ediziorako, eta argitaletxeari emango dio.

Ondorengo ediziorik balego, argitaletxeak egilearekin hitzartu beharko ditu zehaztapenak.

Narrazio irabazlea aukeratu ondoren ilustrazio-lehiaketa jarriko da martxan.

Testu irabazlea gaztelaniara itzuli egingo da. Behin-behineko itzulpen hori ez da argitaragarria izango, funtzio bakarra lehiaketan parte hartuko duten ilustratzaile ez euskaldunentzat lagungarria izatea baita.

Narrazio irabazlea, eta horren behin-behineko itzulpena, eskuragarri izango dira lehiaketaren blogean: https://peruabarka.wordpress.com

7.- SARIA
Irabazle bakarra egongo da eta 1.700 € jasoko ditu. Horrez gain, lana argitaratuko da album formatuan.

8.- EPAIMAHAIA
Lehiaketari buruzko erabakia eta epaimahaikideen epaitza irabazleari zuzenean emango zaio jakitera. Gainerako parte hartzaileei eta komunikabideei ere jakinaraziko zaie.

9.- BESTE ARAU BATZUK
Lehiaketa honetan parte hartzeak berez dakar oinarri-arau guztiok onartzea. Antolatzaileek, lehiaketaren onerako egoki iritziz gero, behar beste aldaketa egin dezakete arauotan. Halaber, zaindu egingo dituzte aurkezten diren lanak, baina ez dute horien erantzukizunik edukiko. Lanek maila nahikoa ez dutela erabakitzen bada, saririk ez ematea erabaki liteke.

Hemen PDF-a: idazleen-oinarriak-2017